Comisión Sindical Consultiva ante la OCDE


Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) aurreko Kontsultarako Batzorde Sindikalak (TUAC), egoitza Parisen duenak, erakunde horren aurrean ELGAko kide diren 30 herrialdeetako 58 zentral sindikal nazional ordezkatzen ditu.

TUACeko afiliatu gehienak Nazioarteko Sindikatu Konfederazioan (NSK) afiliatuta daude; Europako afiliatu gehienak, era berean, Europako Sindikatuen Konfederazioko kideak ere badira. Hori dela eta, TUACek nazioarteko erakunde sindikal horiekin eta Lanaren Nazioarteko Erakundearekin (LANE) batera lan egiten du.

Nazioarteko sindikatu-federazioekin ere egiten du lan ELGAren sektore mailako lanetan sindikatuek parte-hartze eragingarria dutela bermatzeko: hezkuntza, sektore publikoaren kudeaketa, altzairua edo itsasoko garraioa, adibidez.

Ekintzarako lehentasunak

TUAC munduko merkatuak dimentsio sozial eragingarriaren bidez orekatzen saiatzen da. ELGAko batzorde ugarirekin, idazkaritzarekin eta kide diren gobernuekin ohiko kontsultak eginda, TUACek adostasuneko iritziak lortzen ditu afiliatuen artean eta iritzi horiek ELGAren aurrean ordezkatzen ditu gai politiko guztiekin lotuta. Bere jardueren baitan, TUACek, erakunde afiliatuekin, NSKrekin eta ESKrekin elkarlanean, urteroko Ministro Konferentziaren aurrean adierazpena prestatzen eta aurkezten du. Aipatutako konferentziak kide diren herrialdeetako finantza-ministroak biltzen ditu. G8aren goi-bilerak hasi zirenetik, adierazpen hori izan da Estatu mailako eta nazioarteko estatu-buruen eta ministerio ugarien eztabaidetarako oinarria.