Lan munduan Globalizazioak dituen ondorioak


Lau arraila handi nabarmentzen dira munduan LAN DUINARI dagokionez, LANEren arabera:

Enpleguaren arraila

Munduan nabarmen langabetutako 180 milioi pertsona daude. Estatistika labur eta hotz horren atzean gizateriaren miseria eta alferrik galdutako potentzial handia dago. Kopuru orokor horrek ez du tragediaren benetako maila adierazten, familia osoak baitira horren biktima.

Pertsona azpienplegatuak kontuan hartzen baldin baditugu, kopurua mila milioitara behintzat iristen da. Mundu osoko 100 langiletatik sei guztiz langabezian daude LANEren definizio ofizialaren arabera, eta beste 16k ezin dute familiak pertsonako eta eguneko dolar bateko txirotasuneko gutxieneko ataria gainditzeko adina irabazi. Azken horiek dira langile txiroen arteko txiroenak. Beste askok, berriz, lanaldi luzeak egiten dituzte produktibitate gutxirekin, aldian behingo lanak eta lan ezegonkorrak dituzte, edo lanetik baztertuta geratzen dira langabetu gisa kontabilizatu ere egin gabe.

Herrialde guztiek, garatuek eta garapen-bidean daudenek, dituzte langile txiroak. Suitzan, 250.000 langile sartzen dira kategoria horretan. Arazoa ikaragarria da. Munduko Enpleguari buruzko aurtengo txostenaren arabera, datozen hamar urtetan 500 milioi enplegu berri beharko direla kalkulatzen da lan-merkatuan sarrera berriak hartu eta langabezian zerbait eragin ahal izateko.

Eskubideen arraila

Sindikatu-askatasuna eta elkartzeko askatasuna izateko eskubidea ukatzeak, gatibu-lanaren eta haur-lanaren eraginak eta bereizketak egungo munduari ere eragiten dio. Lan egiten duten 168 milioi haur daude mundu osoan. Bestalde, Lan Azterketen Nazioarteko Institutuan abian dauden ikerketek adierazten dute bost herrialdetatik bik (gutxi gorabehera) sindikatu-askatasunarekin lotutako arazo larriak dituztela.

Babesaren arraila

Langileen % 20 soilik dago benetan egokia den babes sozial batek babestuta. Bien bitartean, egunean 3.000 pertsona hiltzen dira laneko istripuen edo gaixotasun profesionalen eraginez.

Gero eta handiagoak diren presio lehiakorrak eragiten dituzten eta enpleguaren segurtasuna murrizten duten ekonomia globalizatuko aldaketa bizkorrek lan-munduko zalantza berriak sortu dituzte. Eta horrek bigarren mailako hainbat ondorio negatibo ditu. Sarrera baxuko sektoreetan, esate baterako, oinarrizko sarreren segurtasuna arriskuan jar dezake. Sarrera handiagoko sektoreetan, ikusten da askotan lantokian antsietate-, depresio- eta neke-tasak handitzen direla. Egun, Estatu Batuetan, urtean 200 milioi lan-egun galtzen dira lanarekin zerikusia duten depresioen ondorioz.

Garapen-testuinguru desberdinetan, guztientzako oinarrizko segurtasuna oinarrizkoa da justizia sozialerako eta dinamismo ekonomikorako, eta oinarrizkoa da jendeak bere gaitasun guztiak erabil ditzan.

Elkarrizketa sozialaren arraila

Lan-munduan «ordezkaritza-defizita» dago; izan ere, maiz eta hainbat arrazoi direla eta, langileak eta enplegatzaileak ez dira biltzen beren iritziak partekatzeko.

Nekazaritza-munduko langileek, etxeko langileek, sektore publikokoek eta pertsona migratzaileek, askotan, traba zehatzekin egin behar izaten diote aurre sindikatu-askatasunari. Zona franko industrialean (ZFI) ere elkarrizketa soziala eragozten da, mundu osoan 27 milioi langilek lan egiten duten lekuan.

Leku guztietan, ekonomia informaleko langileak eta enplegatzaileak hiru alderdiko elkarrizketatik baztertuta daude, edo ordezkaritza eskasa dute bertan. Antolatuta daudenean ere, mekanismo instituzionalen gabeziak elkarrizketa ere eragotz dezake.

Aldi onetan, antolaketak ez dirudi beharrezkoa denik; aldi txarretan, faltan botatzen da. Beste hitz batzuetan, elkarrizketaren kultura desberdin dago zabalduta munduan zehar.

Gainera, ezin dugu ahaztu lau arraila horien tartean genero-arrailak ere baduela zerikusirik.